Edukira joan

William Kelly

Wikipedia, Entziklopedia askea
William Kelly
Bizitza
JaiotzaBuffalo, 1943
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza2023 (79/80 urte)
Hezkuntza
HeziketaThe University of the Arts (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakartista
Jasotako sariak

William Kelly (Buffalo, AEB, 1943 -) artista, humanista eta giza eskubideen defendatzaile estatubatuarra da. 1974tik Australian bizi da.

Urteetan harremana izan du Gernikarekin eta Euskal Herriko egoerari buruzko Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.

Arte ikasketak Philadelphiako University of Arts eta 1968an Melbourneko National Gallery School ikasguetan egin zituen. Australiako hiri bereko Victorian College of the Arts unibertsitateko dekanoa izan zen 1975 eta 1982 artean[1].

Yale Unibertsitateko Arte eta Zientzietako Eskolan, New Yorkeko Studio School eskolan eta Europa, Hegoafrika, Ipar Amerika eta Ozeaniako beste batzuetan eskolak eman ditu. Bere lanak mundu osoan ateratako argitalpenetan agertu dira eta berrogei bat bildumatan erakutsi da.

Sorkuntza lanaz (marrazkiak, margolanak...) gain arte publiko eta antzerki erakustaldiak antolatu eta haietan esku hartu du. Arte munduan ideia humanistak bultzatzen ditu; adibidez 1987an Melbournen gertatu zen hilketa bati erantzunez bost urte eman zuen The Peace Project deitu zuen instalazioa egiten. Lan hau 1993an erakutsi zen lehen aldiz, bai Melbournen bertan bai Bostonen.

2000n Archive of Humanist Art ("Arte Humanistaren artxibategia") sortu zuen, kezka humanista duten mundu osoko artisten lanak bultzatzen dituena. Bere lanek giza eskubideen, justizia sozialaren eta berradiskidetzearen eremuetan egin dituzten ekarpenengatik nazioarteko begirunea jaso du; Euskal Herriaz, Irlandaz, Robben Uharteaz eta Georgiaz proiektuak egin ditu.

Egun bere lantegiak Melbournen eta Bethlehemen (Pennsylvania) ditu eta Nathalian (Victoria, Australia) bizi da.

Euskal Herriaz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kellyren lana hogei bat herrialdetan erakutsi dute eta erakusketa mugikor batzuk Europa eta Hegoafrika bisitatzen ari dira; bien bitartean gaur egun lan honen erakusketa bat Gernikan instalatuta dago. Bizkaiko hiritik 1990eko hamarkadaren erdialdetik konbidatu dute; urtero Gernika bisitatzen du bonbardaketaren urteurrenaren harira. 2001ean Gernikako udalak hiriko gazteak urteurren honetan gehiago inplikatzeko proiektua eskatu zion; egitasmoak The Plaza of Fire and Light. Place of the Peacemakers (edo "Sua Eta Argia Plazan. Bakezaleen lekua") izena hartu zuen[2]. Behin-behineko instalazio honetako erdialdean Gernikako ehunka biztanlek su bat piztu behar zuten kandelak erabilita. Alex Carrascosa artistaren arabera "memoriaren sua" berpizten zuelako sinbolismoa zuen[3].

Inaugurazioan Kellyk testu bat irakurri zuen euskaraz, alemanez, espainieraz, frantsesez eta ingelesez. Picassoren Gernika margolanaren ostean bonbardaketa oroitzeko egin den artelan inportanteena dela uste dute batzuek. Kellyren ekarpenen artean Gernikako Arte eta Bakeari buruzko lehen konferentzia bultzatzea eta "Arte eta Bakeari buruzko Gernikako Adierazpenaren" zirriborroaren egilea izatea daude.

Proiektu seriearen lehen lana Gernika Lekukotasuna margolan erraldoia 1998 izan zen; Gernikako Bakearen museoan dago. Hamar urte pasatuta, 2007an bere jarraipena egin zuen: bi piezako Dialogue with Guernica, Gernikako Foru Plazan bandera handien gisan ezarri zirenak. Horrez gain 2006an Guernica for the Survivors lana egin zuen[4].

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari irtenbidea eman nahian idatzitako 2010eko Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetakoa da.

Argitalpen batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1994an Violence to Nonviolence: Individual Perspectives, Communal Voices antologia egin zuen[5].
  • Bere lanak Cultures of Crime and Violence: The Australian Experience[6] eta Women's Encounters with Violence[7] bezalako liburuetan ere argitaratu dira.
  • The Peace Project lanak Australian Violence Prevention Award saria irabazi zuen.
  • Nazioarteko artista, humanista eta giza eskubideen defendatzaile eta Arte Humanistaren Artxibategiaren[8] sortzailea izateagatik Kellyk Courage of Conscience Award saria[9] eman zioten[10].
  • Order of Australia ("Australiako Ordena") domina du, Ikus-Arte eta Hiri-Diseinuaren arloan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Creating the Victorian College of the Arts, Palgrave Macmillan Australia, 2000.
  2. Lanaren erreferentzia[Betiko hautsitako esteka].
  3. Kelly Studio International webgunean.
  4. Kellyri egindako irrati elkarrizketa bat.
  5. Violence to non-violence : individual perspectives, communal voices : an anthology, with prints from the Peace Project, Harwood Academic Publishers eta Craftsman House argitaletxeak, Camberwell, Victoria, Australia; ISBN 976-8097-88-4 (Craftsman House), ISBN 3-7186-5467-9 (Harwood Academic Publishers).
  6. Cultures of crime and violence : the Australian experience, La Trobe University Press, 1995, Bundoora, Australia.
  7. Women's encounters with violence : Australian experiences, Sage Publications, 1997.
  8. Webgunea.
  9. Saria Sherborneko (Massachusetts) The Peace Abbey-k emana.
  10. Saridunen zerrenda.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]